Zarautz Zientziaz Blai 2015: asteartean 7.etan, Zarauzko Modelo Aretoan.

ZZB-gazteak

Bigarren aldiz eta Euskal Herrian bakarra: Gogoratuko duzue bigarren urtez antolatzen dugula ZARAUTZEN ZIENTZIAZ BLAI. Ihaz ere azaroan egin genuen eta arrakasta izan zuen. Aipatzekoa, hiriburu ez den, edo unibertsitaterik ez duten herrietan, Euskal Herri osoan, Zarautz dela Europatik datorkigun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza astea ospatzen duen herri bakarra. Europear Komisioaren iniziatiba bat da. Euskadin, “Semana de la Ciencia, la Tecnología y la Innovación” delakoa, Euskal Gobernuaren laguntzaz, Innobasquek antolatzen du, aste honetan bertan hain zuzen.

Guk, zarauztar ikerlari gazteak, beraien hiritarren aurrean azaltzeko parada antolatzen dugu. Eta bidebatez, gaztetxo eta nerabeei agertu nahi diegu, ikerketa lanbide egoki eta mardul bat izan daitekeela. Horrexegatik Zarauzko IKASTOLA, OROKIETA, LASALLE, ANTONIANO eta OTEIZA ikastetxeekin hitzegin dugu. Bertako irakasleei gonbitea luzatu diegu, beraien ikasleekin etor daitezen, zarauztar ikerlari gazte hauek ezagutzera.

Beraz ZARAUTZEN ZIENTZIAZ BLAI jardunaldia eta zarautzOn elkartearen helburuen muinean gaude, ezagutza, zientzia eta teknologia geureganatzea. Eta hizkuntza jorratze lanetan beste urrats praktiko bat: Biomedikuntza, Robotika, Neurozientzia, Mekatronika, Telekomunikazioa, Elektronika eta Kimika euskaraz.

Datorren asteartean, Azaroak 10ean, arratsaldeko 7.etan, Zarauzko Modelo Aretoan.