Brexit, europar politikaren erronka berriak

2019a iritsi da eta baita ZarautzOnen denboraldi berria ere. Ziklo honetan gai aunitz landuko ditugu. Hasteko BREXITaren inguruan arituko gara Juanjo Alvarezekin, zarauztarra eta EHUko Nazioarteko Zuzenbide katedradunarekin, hain zuzen ere.
Datorren asteartean, Urtarrilaren 29an arratsaldeko 19:30etan Antoniano Aretoan, Zarautz. Streaming bidez ikusteko aukera egongo da https://zarautzon.nirestream.com/ estekan.

BREXITaren hitzaldiari testuingurua jartzearren, Juanjo Álvarezek idatzitako hausnarketa partekatzen degu.

Europear Batasunaren eta Erresuma Batuaren etorkizuna zein izango den ez dago argi. Theresa Mayk proposatutako plana Britaniar parlamentuak ukatzearen ondorioz bost egoera posibleren aurrean gaude:

– EBtik irtetea. (Brexit gogorra)

– Behar baino lehenagoko hauteskundeak.

– Irteera data atzeratzeko eskaera.

– EBtik irteeraren erabakia bertan behera utzi ala erreferendum berri bat egitea.

– Ipar Irlandako Unionisten bozkak gehitzea, Irlandar gatazkari irtenbide duin bat ematearen truke, aduanarik gabe eta EBrekin dagoen akordioa ukitu gabe…zaila baina ziurrenik gertatuko dena.

Juanjo Álvarez,
 EHUko Nazioarteko Zuzenbide katedraduna

Ingelesak betidanik izan dira negoziatzaile finak baina ez da hori kontua. Brexitak zer ekarri dezake? Arrazoi ezberdinen ondorioz makina bat inbertsiok Erresuma Batutik Europar Batasunera ihes egingo dute baldin eta negoziatzen den Brexita ez bada aldatzen eta ez baditu Merkatu bakarraren arauak bermatzen.

Integrazio europearraren inguruan jardutea ezinbesteko bihurtuko da. Beti aurrekontuak handitzearen aurka egon den Erresuma Baturik gabe ez dago aitzakiarik: Integrazio handiagoko Europa bat berrabiarazteko momentua iritsi da.

Ez da posible, ez EBrentzat ez eta beste inongo Estaturentzat, neurrira egindako merkatu bat. EBeko lau zirkulazio askatasun esparruak (pertsonei, zerbitzuei, merkantziei eta kapitalei dagozkienak), ez dira negoziagarriak eta bereizezinak dira. Ezin daiteke, Theresa Mayk nahi duen bezala, EBren giza-abantailak, abantaila finantzarioak eta elkartruke komertzialen onurak jaso eta aldi berean lanaren mugikortasuna ukatu.

Juanjo Álvarez TTIP-n inguruan ZarautzOn-en 2015ean eman zuen hitzaldian

Erresuma Batua, 1973tik kide berezia izan da bere aparteko estatusarekin. Nola baloratu dezakegu arrazoigabeko Inperio Zaharraren Independentziaren izenean aurrera eraman nahi duen bere borondatezko alde egitea, honek ekarriko dizkion egundoko galerak kontuan izanda? Bi aldeek galduko dutela argi dago, baina Erresuma Batuak gehiago, dudarik gabe.

Erresuma Batuak gogoz babestu zuen 2004ko EBaren handitzea, benetako elkartasun politikorako bidea eta ondorioz Europa Federal baten alde egiteko pausoak lausotuko zirelakoan. Baina ondorioa izan da Batasun “zaharraren” baitan Europa “Berria” sortu dela, Eurozonaren inguruan kontzentratua eta integrazio fiskalean sakontzeko pausoak ematen ari dena.

Testuinguru honetan, Erresuma Batura esportatzen duten eta akordiorik gabe dauden euskal enpresei Brexitak nola eragingo dien eta hiritarren eskubideak nola kudeatuko diren ere kontuan izango beharko dugu hausnarketa honetan (Ingelesek Europan eta Europarrek Ingalaterran izango dituztenak).